XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alta Hegoaldean ere ez ditu hemen baino gehiago lagundu Euskal Herriak Erromako botereak, ezen, Espainiako erregei utzi zielarik 1482an Sixto IV.ak beren apezpikuen hautatzeko eskua, jadanik Gaztelako seme bat, Alfonso Carrillo deitua, jabetua zen Iruneako alkiaz eta hau Erroman hil zelarik 1491an, nor izentatu zuten bada Euskal Herrien hiri nagusiko apezpiku, Inozentzio VIII. aren baimenarekin?

Doi-doia 17 urte zeuzkan Cesar Borgia, laster Alexandro VI. aita saindu eginen zuten Rodrigo Borgia kardinalearen eta andere Vagnozza Cataneiren seme propioa.

Beharrik Cesar-ek berak laster uko egin zion karguari. Nafarroako errege Labriten alabarekin ezkondu zen geroxeago eta azkenean, Nafarroako barne gatazketan Vianako errekan hil eta Vianako elizan ehortzi zen 1507an.

Eta geroztik ez da XX. menderaino, euskaldun bat edo beste baizik apezpiku jarri Iruneako ala Gasteizeko, Bilboko ala Donostiako alkietan.

Azken urteetan egin diren izendapenen ondotik, Añoveros ala Setien salbuespenak izan dira, eta gaurregun iduri luke sekulan baino apalago dela Erroman Euskal Herrien arrakasta.

Geroari buruz, ez daiteke hau ondoriorik gabe izan, zeren gure aitzinekoen sinesteak gaurko mundu berrian onartua izateko orokorki aurkitzen dituen arazo guztiez bestalde, badirudi gure herritarrek beste zailtasun bereizi batzu izanen dituztela euskaldun diren ber euskaldun bezala elkarturik elizan onartuak izateko, eliza buruzagiek behartzen dituztenaz geroz nahitez Pariseko edo Madrileko zepoetan sartzera.

Ez ote du aments, ezinbeste honek aterabiderik? Azken galde bat egin niezaioke Axularri berari ezpada, gaurregun Sarako herrian haren alkia daukan Idiart errotor adiskideari: Apostoluen Eginak liburuaren VI. kapituluan irakurri dut ezen, Greko hizkuntzakoen artean Hebraiera hizkuntzakoen aurka marmarioak edo murmurikak sortu zirelarik, berak baztertuak sendi zirelako, Hamabiek biltzarre orokorra bildu zutela, eta Greko hizkuntzakoen artean izen oneko zazpi gizon,...